Areaz egindako gazteluak

Txikitan gazteluak arearekin eraikitzea gustoko nuen, hondartzan. Baina gaztelu handiak, dorre askorekin, beldurrezko itxurarekin, urak inguratuta, itxasoko ura haraino heltzeko moduko putzuarekin... denetarik zuten gazteluak. Gertatzen dena da ideia heldu bati kontatuko banio honakoa esango lukeela: "ezin duzu hain gauza handirik eraiki, urak area busti eta azkenean zure dorreak eroriko direlako". Eta arrazoia izango luke baina uste dut umetan behintzat beti izan ditudala ideia apur bat esajeratuak; uste dut gara hartan ziur ziur nengoela halako gazteluak eta gehiago egitea posible zela.

Eta horrela ibiltzen nintzen ni: hondartzan beti mugitzen nituen are kantitate handiak, ume bat baino eskabadora bat ematen nuen. Noizean behin, gauza izugarriak ateratzen zitzaizkidan, baina ez ziren ezer konparatuta ideia orijinalarekin.

Behin Mundakan, nik ez nekienean zer zen Mundaka, ezta hondartza gainetik harrizko zubi batean trenak igarotzen zirenik (edo ez dut gogoratzen), kanal ubide antzeko bat ikusi nuen, hondartzaren albo batean. Erreka txiki baten ura itxasadarrera eramateko izango zen (espero dut ura kutsatuta ez egotea behintzat...). Ur gutxi zeraman, oso gutxi, baina nahikoa. Berehala zentzugabeko gauza bat egitea bururatu zitzaidan: arez egindako presa bat. Edozein helduk orain pentsatuko luke "ezinezkoa". Noski, nik uste nuen hau eta gehiago egin zitekeela. Azken finean hondartza arez beteta zegoen.

Areaz frogatu nuen, areaz eta harriez, harriekin lehenengo eta gero makilen batekin... noizean behin, segundo batzutan, ur apur bat gelditzea lortzen nuen, baina berehala berriro apurtu egiten zitzaidan tramankulua. Eta horrela, urak eroaten zuena behin eta berriro eraikiz eman nuen goiza, edo arratsaldea, edo eguna (ez dut gogoratzen, oso txikia nintzen). Gauza da metafora bat besterik ez dela hau, gaur egun ere nire bizitzera aplikatu daitekeena.

Egun, txikitan bezala, posible dena baino handiago uste dut egin daitezkeela gauzak. Eta gaur horrela sentitzen naiz, gauzak eraikitzen saiatuz, dena hobea izan dadin (edo nik hobe ikus dezadan) nire inguruan. Baina eraikitzen ditudan gauzek lan asko ematen dute zutik mantentzeko, eta orduan zuloak agertzen dira eta azkenean lurrera erortzen dira nire "eraikin" hauek, eta berriro hasi behar naiz hauek eraikitzen. Agian ez ditut ongi egiten, agian nire bizitza-eskema konplikatuegia da. Ez dakit zergatik den, ezta norbaitek dakien. Baina gaur are uraren kontra borrokatzeaz asper eginda sentitzen naiz.

0 comments:

Copyright © 2008 - La fusée - is proudly powered by Blogger
Smashing Magazine - Design Disease - Blog and Web - Dilectio Blogger Template