Showing posts with label EU. Show all posts
Showing posts with label EU. Show all posts

Piztiak eta mendi errusiarrak

Harremanak pizti domestikatu bitxiak dira. Jaten eman behar zaie, ahalik eta gehien baina oso ozenki aipatu gabe. Ezin dezakegu inoiz ahaztuta utzi harreman-piztien jana, zeharo lur jota geratzen direlako... eta puntu honetara heldu ezkero zer? ba "aski da", "jarraituko dut", "aski da", "jarraituko dut", "aski da"... bitxilorearen petaloak kentzen. Zoritxarrez bitxiloreek petalo kopuru bakoitia dute. "Aski da"... orduan, eta gure harremana akabo.

Jaten eman izan banio, arreta gehiago jarri izan banu, bere platerrik gogokoena prestatu izan banio nire harreman-piztiari... orain errazak dirudite guzti horiek... gustura egingo genituzke, OSO gustura gainera. Baina lehen zen momentua. Eta lehen e passato. Puntu honetan ez dago konponbiderik ala bai? Auskalo, baina zerbaitek esaten dit normalean ez dagoela. Magiarik ez bada gertatzen behintzat. Magia deitzen diot ulergaitzak direlako momentu honek dituen irtenbideak. Magia existitzen al da?

Harremanak mendi errusiar ere badira. Jaten ematea gogorra, neketsua, zaila, luzea, konplikatua bada ere, beste batzutan ez da horrelakoa. Beste batzutan txirristan bera joatea bezain erreza eta zoragarria da. Horregatik zoratzen gaituzte harreman batzuek, mendi errusiarreko maldetan behera joatea gustuko dugulako. Emozioak, asmakizunak, planak, barreak, babestuta sentitzea, dena ondo joango dela pentsatuz. Harremanak horrelakoak dira, piztiari jaten ematea bezain neketsuak diren aldapekin, eta paregabeak diren txirristekin.

Bi metaforak egiazkoak direla uste dut. Ea egunen batean umeei seriean jartzen dieten pentsamendu hau, horrela tontoarena gutxiago egingo dute heldu bihurtzerakoan.

Rainbow Warrior Bilbon

Rainbow Warrior-a, Greenpeace erakunde ekologistaren itsasontzi nagusia, Bilbora heldu da. Estatuan Greenpeacek duen bulegoaren 25 urteurrenarekin bat, egungo ingurugiro arazo larrienari, klima aldaketari, erantzun bat ematearen garrantzia nabarmendu nahi da. Arrazoi honengatik Rainbow Warrior-ak aldaketaren egungo efektuak salatu egingo ditu, eta aldi berean proposamen konkretuak mahai gainean jarriko ditu.

Rainbow Warrior webcam

Hitzak baino ekintzak ere behar ditugula nabarmendu nahi du Greenpeace-ek, momentu honetan dira beharrezkoak klima aldaketaren kontrako neurri konkretu eta eraginkorrak. Oraingoa da momentua klima aldaketaren efektuak murriztuko dituzten ekintzak aurrera eramateko.

Era berean "Klimaren krisia. Klima aldaketaren frogak" txostena jendaurrean aurkeztuko dute. Bertan adibide eta zientzilariek babestutako kasu konkretuak aipatzen dira, klima aldaketak ekar ditzakeen efektuak uler daitezen. Kaltetuak, lur eta itsasoko ekosistemak, produkzio eta ekonomia sektoreak, osasuna eta pertsonen bizitza kalitatea dira.

Itsasontzia, ateak zabalik, Bilboko itsasadar museoan egongo da ostiralean 17.00etan hasita, 20.00ak arte. Larunbatean ere egun osoan egongo da 20.00ak arte. Denak zaudete bisita egitera gonbidatuak!

Eguneraketa: Komunikabideek diote... / Los medios dicen...

BERRIA: KLIMA ALDAKETARI PUTZ EGITEKO

DEIA: El "Rainbow Warrior" llega por primera vez a Bilbao para mostrar los impactos del cambio climático en Euskadi

DEIA: Navegando para salvar la tierra

DEIA: El "inmediato impacto" del cambio climático amenaza con inundaciones en la costa vasca

EL CORREO: El buque estrella de la ría

EL CORREO: Iniciativa pionera

GARA: El SV Rainbow Warrior, buque insignia de Greenpeace, en Bilbo

EL PAÍS: La seducción de un velero

Albiste gehiago / más noticias / more news

Critical mass

Zeramika Getxon

Agurne Garcíaren eta Blanca Domínguez zeramisten erakusketa ikusgai Algortako kultur aretoan. Sopelako bi artisau eta irakasle berritzaile hauek zenbait artelan erakusten dizkigute Algortako kurtur aretoan

Apirilak 28tik maiatzak 9ra
Del 28 de abril al 9 de mayo

Ordutegia:
Lanegunak / Laborables: 10.00-13.00, 18.00-21.00.
Larunbatak / Sabados 10.00-13.00.

Argortako kultur aretoa
Villamonte kalea A8,
Algorta, GETXO


Ikusi Algortako erakusgela mapa handiago batean

Teilatu berdeak

Ez da kontzeptu berria baina, badirudi azken urteotan, hirietara heldu eta arkitektura modernoaren munduan barneratzen ari dela. Teilatu berdeak dira, belar edo tamaina txikiko landarez betetako teilatuak

Onurak hainbat dira: oxigenoa sortzen dute, kutxadura murriztu, euri-ura zurgatu hiriaren ur zikin kopurua murriztuz (euri ura ur zikin bihurtzen da hiria zeharkatu ondoren)... honez gain teilatu berdeek etxeen isolamendua hobetu eta natura dakarkigute hiriotara denon alaitasunerako. Jakiak sortzeko ere erabil daitezke!

Ondorengo bideoan ikus daitekeenez, ez da kontzeptu berria, Iparraldeko hainbat herrialdetan erabili ohi delako, Faroe Uharteetan adibidez: Green roofs are nothing new. National Geographic-eko bideoa.

Friedensreich Hundertwasserrek zioen moduan, "naturari itzuli behar diogu ohostutako espazio horizontal guztia"

Irudiak: National Geographic

Energia nuklearra eta klima aldaketa

"... negutegi gasen isurketarik gabeko mundu bat. Bertan gure beharrak eguzki energiak, energia eolikoak, hidroelektrikoak eta nuklearrak asetuko dituzte...". Nuklearra? Norbaitek han erortzen utzi duela ematen du, nahi gabe bezala, behin eta berriro errepikatuz jendeak barneratuko duenaren itxaropenaz. Tamalez halako esaldiak irakur eta entzun ditzakegu zenbait komunikabidetan.

Antzeman ez baina busti egiten duen zirimiria dugu hau. Hala ere, gezur tanta hauen kontrako euritako paregabea du gizarteak: informazioa. Uranioaren fisio nuklearrak ez du CO2-rik isurtzen, bai ordea prozesu osoaren beste atalek. Izan ere erreaktorean erabiltzen diren uranio barrak ekoizte prozesu luze baten azken produktua dira. Prozesu honek CO2 kopuru handiak isurtzen ditu.

Meategietan hasten da dena, Kanadan, Australian, Kazakhstanen, Errusian, Nigerren, Namibian... 1000 Kg arrokako 5 Kg uranio oxido lortzen da. Induskailuek arrokak lurretik banatzen dituzte, ondoren materiala kamioi pisutsuek daramate eta gero makina handitan birrintzen da. Lan hauek petrolioaren menpekotasun handia dute, ondorioz CO2 kopuru handiak isuriz. Arroka eta uranio orea banatzeko azido sulfurikoa eta ur asko erabiltzen da. Meategietatik ateratako arroka soberakinen %99a erradioaktiboa da, arriskutsua osasuna eta ingurugiroarentzako, baina meategien alboan bildu egiten da, harekin zer egin ez dakigulako.

Uranio orea edo opila horia aberaste guneetara eramaten da, Estatu Batuak, Europa, Japonia, Errusia edo Txinara, meategietatik milaka kilometro eginez. Garraio honek CO2 gehiago sortzen du. Aberaste guneetan, uranio-235 isotopoaren proportzioa handitzen da, produktua zentral nuklearretan erabili ahal izateko. Leku hauetan hondakin erradioaktiboak edota armamendu nuklearra ere sortzen dira.

Uranio aberastua erregai ekoizpen gune batera bideratzen da. Bertan ekoiztu egiten dira erreaktore nuklearrak behar dituen uranio metalezko barrak. Garraioak berriro CO2 gehiago isuriko du, eta ekoizpenean ere energia xahutuko da.

Prozesu osoa kontuan hartuz, energia nuklearrak edozein energia berriztagarrik baino CO2 gehiago isurtzen du. Beste arrazoi asko badaude ere, arriskuari lotuta, erabilpen militarrari, hondakin erradioaktiboei edo kostuari lotuta, aipatutako arrazoia nahikoa da. Hau da, prozesu osoaren CO2 isurketak direla eta energia hau ez da baliogarria klima aldaketari aurka egiteko.

Informazio hau gure eskutan dugula, arrazoirik gabeko aitzakiekin guri ziria sartzea zailagoa da. Horregatik da hain garrantzitsua eskumena duten gobernuei zentral nuklearren itxiera eskatzea. Konkretuki, espainiar estatuko gobernuari eskatu behar zaio hauteskunde garaian gizartearekin hartu zuen konpromiso politikoa betetzea: hau da, martxan dauden zentral nuklearren itxiera plana, Alemaniak eta Suediak egin duten bezala.

Areaz egindako gazteluak

Txikitan gazteluak arearekin eraikitzea gustoko nuen, hondartzan. Baina gaztelu handiak, dorre askorekin, beldurrezko itxurarekin, urak inguratuta, itxasoko ura haraino heltzeko moduko putzuarekin... denetarik zuten gazteluak. Gertatzen dena da ideia heldu bati kontatuko banio honakoa esango lukeela: "ezin duzu hain gauza handirik eraiki, urak area busti eta azkenean zure dorreak eroriko direlako". Eta arrazoia izango luke baina uste dut umetan behintzat beti izan ditudala ideia apur bat esajeratuak; uste dut gara hartan ziur ziur nengoela halako gazteluak eta gehiago egitea posible zela.

Eta horrela ibiltzen nintzen ni: hondartzan beti mugitzen nituen are kantitate handiak, ume bat baino eskabadora bat ematen nuen. Noizean behin, gauza izugarriak ateratzen zitzaizkidan, baina ez ziren ezer konparatuta ideia orijinalarekin.

Behin Mundakan, nik ez nekienean zer zen Mundaka, ezta hondartza gainetik harrizko zubi batean trenak igarotzen zirenik (edo ez dut gogoratzen), kanal ubide antzeko bat ikusi nuen, hondartzaren albo batean. Erreka txiki baten ura itxasadarrera eramateko izango zen (espero dut ura kutsatuta ez egotea behintzat...). Ur gutxi zeraman, oso gutxi, baina nahikoa. Berehala zentzugabeko gauza bat egitea bururatu zitzaidan: arez egindako presa bat. Edozein helduk orain pentsatuko luke "ezinezkoa". Noski, nik uste nuen hau eta gehiago egin zitekeela. Azken finean hondartza arez beteta zegoen.

Areaz frogatu nuen, areaz eta harriez, harriekin lehenengo eta gero makilen batekin... noizean behin, segundo batzutan, ur apur bat gelditzea lortzen nuen, baina berehala berriro apurtu egiten zitzaidan tramankulua. Eta horrela, urak eroaten zuena behin eta berriro eraikiz eman nuen goiza, edo arratsaldea, edo eguna (ez dut gogoratzen, oso txikia nintzen). Gauza da metafora bat besterik ez dela hau, gaur egun ere nire bizitzera aplikatu daitekeena.

Egun, txikitan bezala, posible dena baino handiago uste dut egin daitezkeela gauzak. Eta gaur horrela sentitzen naiz, gauzak eraikitzen saiatuz, dena hobea izan dadin (edo nik hobe ikus dezadan) nire inguruan. Baina eraikitzen ditudan gauzek lan asko ematen dute zutik mantentzeko, eta orduan zuloak agertzen dira eta azkenean lurrera erortzen dira nire "eraikin" hauek, eta berriro hasi behar naiz hauek eraikitzen. Agian ez ditut ongi egiten, agian nire bizitza-eskema konplikatuegia da. Ez dakit zergatik den, ezta norbaitek dakien. Baina gaur are uraren kontra borrokatzeaz asper eginda sentitzen naiz.

Paketeak

Altuak eta baxuak

"Aurrezkuntzan neska lagun txiki bat nuen. Ez dut bere izena gogoratzen baina bai behin eman nion aholku sekretua. Esan nion inguratzen gintuzten izaki erraldoi horiek, heldu izena hartzen zutenak, beti begiratzen zutela gorantz ibiltzean. Ondorioz, geuk, txikiek forma eta kolore ugariko gauza miresgarriak topatu genitzakela zoruan, begirada baxu mantenduz.¿Agian haiek izango ziren paleontologiarekin dudan harremanaren hastapenak?"

"Carl Sagan eta biok New Yorken jaio ginen, eta biok ere biologia eta astronomia genuen gustoko. Carl-ek, altua izanik, astronomia aukeratu zuen; neronek paleontologia, txikia bait naiz ni. Beti pentsatu nuen bera etengabe gora begira egongo zela (bere telebista saioa, "Cosmos", aurkeztean askotan egiten zuen moduan), nik neure aholkua jarraituz lurzorua aztertzen jarraitzen nuen bitartean. Hau zeharo gainditu nuen (literalki) pasa den hilean, Parisen. (...)"

Stephen Jay Gould
"Flamenkoaren irribarra" liburutik

Egunero

Uiiii kasi...

Wow!

Batisfera-tik.

An eye for an eye makes the whole world blind

Bakearen izenean (ez ondorio edo egoera bezala, bizitza ulertzeko modu bezala), Gandhiren zenbait burutapen:

"Gerraren zientziak diktadura batera eramango gaitu, hain zuzen ere. Indarkeri ezaren zientziak, bere kabuz, oinarrizko demokrazia dakar... Maitasunean oinarritutako boterea, erahilketa, beldurrean, eta zigorrean oinarritutako boterea baino mila aldiz indartsuagoa da. Ez da egia bakearen jarrera norbanakoek soilik aurrera eroan dezaketela, norbanako taldeek, erakundeek eta nazioek ere jarrera hori bera izan dezakete. Anarkiarik garbiena indarkeri ezean oinarritutako demokrazia da."

Eta nik honakoa gehitu nahiko nuke: eskubideak eskatzen direnean, etsaiaren erasoak gaitzezten direnean, norberaren jokamoldetik hasi behar da. Ez du balio dena arerioaren ekintzen erantzun moduan justifikatzea, horrek guztion suntsipenera eraman gaitzakelako. Orain ere, agian arrakastarik gabe, aldaketa bat espero dut: ausardiaz gertatutakoaren eritzi mundu guztiak eman dezala, aurreiritzirik gabe.

U la la!

Daumierren inguruko erakusketa batetik (Parisko BnF-n)

Oh when the Saints, go marching in

Parisen asteburuak "asteburu" izaten dira, eta egunak "egun". Behintzat nire Parisen. Duela aste batzuk Église des Billetsera joatea proposatu zidaten gospel kontzertu bat ikustera. Behin baino gehiagotan bezala, berandu korrika batean sartu nintzen elizan. Azkenean neu bakarrik bertan, Ned Flanders zirudien tipo bat eta hogeinaka pertsona kantu erlijiosoak abesten. Ikuslegoaren parte batek bezala ozen kantatzen bukatu nuen...

When the Saints go marching in
Oh when the Saints
go marching in (x2)
Oh Lord I want to be
in that number
When the Saints go marching in

Down by the riverside
I'm gonna lay down my burden,
Down by the riverside, (x3)
I'm gonna lay down my burden,
Down by the riverside and study war no more.
I ain't gonna study war no more! (x6)

Ned Flanders amerikar jatorrikoa genuen baina koroa frantsesa zen, The Voice of Freedom izenekoa. Webgunea eta guzti utzi zuten. Nire 'ateotasunak' edo agian alperkeriak ez nau utzi helbide horretan sartzen...

Copyright © 2008 - La fusée - is proudly powered by Blogger
Smashing Magazine - Design Disease - Blog and Web - Dilectio Blogger Template