"... negutegi gasen isurketarik gabeko mundu bat. Bertan gure beharrak eguzki energiak, energia eolikoak, hidroelektrikoak eta nuklearrak asetuko dituzte...". Nuklearra? Norbaitek han erortzen utzi duela ematen du, nahi gabe bezala, behin eta berriro errepikatuz jendeak barneratuko duenaren itxaropenaz. Tamalez halako esaldiak irakur eta entzun ditzakegu zenbait komunikabidetan.
Antzeman ez baina busti egiten duen zirimiria dugu hau. Hala ere, gezur tanta hauen kontrako euritako paregabea du gizarteak: informazioa. Uranioaren fisio nuklearrak ez du CO2-rik isurtzen, bai ordea prozesu osoaren beste atalek. Izan ere erreaktorean erabiltzen diren uranio barrak ekoizte prozesu luze baten azken produktua dira. Prozesu honek CO2 kopuru handiak isurtzen ditu.
Meategietan hasten da dena, Kanadan, Australian, Kazakhstanen, Errusian, Nigerren, Namibian... 1000 Kg arrokako 5 Kg uranio oxido lortzen da. Induskailuek arrokak lurretik banatzen dituzte, ondoren materiala kamioi pisutsuek daramate eta gero makina handitan birrintzen da. Lan hauek petrolioaren menpekotasun handia dute, ondorioz CO2 kopuru handiak isuriz. Arroka eta uranio orea banatzeko azido sulfurikoa eta ur asko erabiltzen da. Meategietatik ateratako arroka soberakinen %99a erradioaktiboa da, arriskutsua osasuna eta ingurugiroarentzako, baina meategien alboan bildu egiten da, harekin zer egin ez dakigulako.
Uranio orea edo opila horia aberaste guneetara eramaten da, Estatu Batuak, Europa, Japonia, Errusia edo Txinara, meategietatik milaka kilometro eginez. Garraio honek CO2 gehiago sortzen du. Aberaste guneetan, uranio-235 isotopoaren proportzioa handitzen da, produktua zentral nuklearretan erabili ahal izateko. Leku hauetan hondakin erradioaktiboak edota armamendu nuklearra ere sortzen dira.
Uranio aberastua erregai ekoizpen gune batera bideratzen da. Bertan ekoiztu egiten dira erreaktore nuklearrak behar dituen uranio metalezko barrak. Garraioak berriro CO2 gehiago isuriko du, eta ekoizpenean ere energia xahutuko da.
Prozesu osoa kontuan hartuz, energia nuklearrak edozein energia berriztagarrik baino CO2 gehiago isurtzen du. Beste arrazoi asko badaude ere, arriskuari lotuta, erabilpen militarrari, hondakin erradioaktiboei edo kostuari lotuta, aipatutako arrazoia nahikoa da. Hau da, prozesu osoaren CO2 isurketak direla eta energia hau ez da baliogarria klima aldaketari aurka egiteko.
Informazio hau gure eskutan dugula, arrazoirik gabeko aitzakiekin guri ziria sartzea zailagoa da. Horregatik da hain garrantzitsua eskumena duten gobernuei zentral nuklearren itxiera eskatzea. Konkretuki, espainiar estatuko gobernuari eskatu behar zaio hauteskunde garaian gizartearekin hartu zuen konpromiso politikoa betetzea: hau da, martxan dauden zentral nuklearren itxiera plana, Alemaniak eta Suediak egin duten bezala.